XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Pizkanaka-pizkanaka ikasgela betez joan da. Irrikaz nago, ezker-eskuin, nor eseriko.

Ikasle guztiak sartu dira gelara eta nire harridurarako ez da inor nire alboan eseri.

Hain itsusia ote naiz?

Egoera honek ahate itsusiaren ipuina dakarkit gogora.

Ahate gaixua! Inguruko harrokeriak eta handi usteak estalia, isolatua.

Zergatik baztertu naturak horrelakoa egin bazuen? Zilegi al da halako bereizketak egitea edonoren eskubideak mugatuz?

Bat-batean, barne gogoeta etenaz, irakaslearen ahots leunak alderik alde kilikatu dit bihotza, nire arreta bereganatuz:

- Ez al da inor eseri behar gure adiskide berriaren aldamenean? Aizue! Atzeko aldeko horiek!

- Ez! denak aho batez guk ez dugu beltz baten ondoan eseri nahi.

Ezustean harrapatu naute.

Nonbait ez nuen horrelakorik espero.

Orain garbi ikusten dut ardi hauen jokabidearen zergatia.

Jakina, ahazturik nuen ikatza bezain beltza naizela esatea.

Zer egiten du ni bezalako ardi beltz batek ehundaka ardi zuriren artean?

Une mingots hauetan inoiz baino gehiago botatzen ditut faltan nire familia, lagunak... Non ote dira?

Egia esan nire jatorriaz apenas gelditzen zait argibiderik; halere, aurrera egin beharrean aurkitzen naiz, nire xedeen hozkadei erantzunez.

Ezer gertatuko ez balitz bezala, irakasleak aurrera jarraitu du deklinabideak azalduz.